1980. urtean Gasteizen zalaparta sortu zen. Herri mugimenduen bilgunea izango ziren Gasteizko Txosnak abian jarri ziren: aisialdi eta jai eredu alternatibo baten iturria, hamaika borroken plaza, indarrean zeuden joera eta balioak eraldatzeko aukera, parte hartzeko aukera, ikasteko aukera... Horiek ziren Gasteizko Txosnak. Aukera bat, bai. Baina behar bat ere bai. Gasteizek behar zuen iturri berria.
Aurten, 40 urte igaro diren honetan, herri mugimenduek sortu eta kudeatutako gune feminista, herrikoi, parte-hartzaile eta euskaldunak etenaldi bat egitea erabaki genuen. Baina horrek ez du esan nahi gure jarduna bertan behera geratu denik: beti egon gara lanean, azken 40 urte hauetan lanean egon garen bezala: astero bilerak, koordinazio planak, baimenak… Izan ere, Txosna Batzordea osatzen dugun kolektibook zein hiriko beste mugimendu, kolektibo eta elkarteok kalean jarraitzen dugu. Ez gara inoiz bertatik joan. Kalean jarraitzen dugu kalea garelako eta kalean garelako ere. Kalean gara, kalea garelako. Egunez-egun, iñurri lana eginez gu guztiok gara kaleak eta plazak kolorez betetzen eta ureztatzen gabiltzanak.
Argi dugu. Gure lehentasuna, une honetan, osasun alarma egoera honi modu kolektiboan aurre egitea da. Izan ere, guztion osasuna eta zaintza ezinbestekotzat ditugu. Kontziente gara: aurtengo Gasteizko Jaiek beste forma bat hartu beharko dute. Baina horrek ez du esan nahi desagertuko garenik. Nola desagertuko da kalea? Eta nola desagertuko gara gu geu kalea izanik?
Hasieratik, Gasteizko Udalak jaiak bertan behera uztearen erabakiarekin gure desadostasuna azaleratu genuen. Azalpena? Ulertzeko sinplea: gure hiriko jaiak existitzen badira eta egun ezagutzen ditugun modukoak baldin badira, atzetik lanean dauden eragile eta kolektibo guztiei esker da. Horregatik sentitzen gara parte, horregatik maite ditugu gasteizko Jaiak. Horregatik esan dezakegu, harro gainera, gu geu ere bagarela Gasteizko Jaiak.
Txagorritxu, Judimendi, Zaharraz Harro, Adurtza… Gure hiriko auzoetan erakutsi dugu posible dela jaiak ospatzea segurtasun neurriak betetzen. Ez dira ezagutzen genituen jaiak, ez dira gustokoen ditugun jaiak. Jakin, badakigu, baina posible dira: Udalaren traben gainetik gure lana aurrera eraman eta jai eredu berriak errealitate bihurtu ditugu. Posible izan, badelako.
Agerraldi honen bitartez ere, eta artista, musikari, antzerkilari edota teknikari ezberdinek gure aurretik egin bezala, COVID-19aren isurriteak kulturan izandako eragina eta instituzioek emandako erantzun eza salatu nahi dugu. Krisi honen uarretik, kultur arloko protagonistak instituzioen partetik bakartuta bazeuden, orain zer esanik ez. Zer izango lirateke konfinamenduaren unerik latzenak kulturarik gabe? Zer izango lirateke konfinamenduaren unerik latzenak musikari gabe? Eta pelikularik gabe? Eta zuzeneko emisiorik gabe? Eta aldiz, zein izan da instituzioen erantzuna? Bigarren plano batean uztea. Kulturak jaiak eta gure egunerokotasuna elikatzen du, baina guztion ardura da, instituzioena ere, kultura elikatzea eta baldintzak eta errekurtsoak jartzea horretarako. Gu, horretarako prest gaude eta hala erakutsi dugu gaurkoan ere.
Hemen bildu garenontzako irudikaezinak dira jaiak aldarrikapen eta eduki politikorik gabe. Bai, jaun-andreok, jaiak musika, kontzertuak, irribarreak, tragoak eta zoriontasuna dira.
Gasteizko jaiak egunerokotasunean presente ditugun gatazkak, nahiak, haserreak, zapalkuntza, ametsak… plazaratzeko gune bat dira ere. Hortaz, urtean zehar Txosna Batzordea osatzen dugun kolektibook aurrera daramatzagun borroka guztiak ere presente egon dira eta presente egongo dira.
Aurtengoan, ordea, azkenengo 40 urteetako txosnaguneari "normaltasun berriak" etenaldi bat egokitu dio, baina guk, bien bitartean, kaleak betetzen jarraitzen dugu, egunez-egun egiten dugun gisara. Borroka feminista ehuntzen jarraitzen dugu, euskal preso politikoen etxeratzea lau haizetara oihukatzen dugu, gazteok bizitzaren hautua egiten dugula aldarrikatzen jarraitzen dugu, munduko beste herrialde eta borrokekin distantzia txikitzen jarraitzen dugu, komunikatzeko modu alternatiboak daudela aldarrikatzen jarraitzen dugu, auzoak biziberritzen jarraitzen dugu… Finean beste bizi eta herri bat posible dela erakusten jarraitzen dugu.
Hala egin dugu eta hala egingo dugu. Ez ginelako inoiz joan. Ez garelako joan. Ez garelako joango. Kalea garelako eta kalean garelako.